XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

120.000 palestinar bizi dira Hebronen.

Arafaten Gobernuaren esku dago hiria aurten bertan sinatutako protokoloaz geroztik, baina hiriaren erdigunean ehundaka gutxi kolono judu bizi direnez, asentamenduaren inguruko eremu zabal bat israeldarren agindupean dago.

Musulmanek Ibrahimen meskita eta juduek Patriarken Hilobia esaten dioten tenplua lur israeldarrean dago.

Azokako kale nagusia, Shallalla kalea, erdibituta.

Soldadu israeldarrak alde batean, gazte palestinarrak bestean.

Kalearen erdian, muga-mugan, zortzi soldadu daude.

Ezker-eskuineko etxeen teilatuetan etzanda bi, kale erdian ipinitako harritzar errektangularretan babestuta beste seiak.

Haien atzean, hogei bat metrora, hartu dugu babesa Bassemek eta biok, beste dozenerdi kazetariren arrimuan.

Armen ahoak kalearen bukaerara begira dituzte soldaduek, Hebron autonomora begira.

Tarteka, azken etxeko kantoian dauden gaztetxoetako batek harriren bat edo botilaren bat jaurtitzen duenean, tiroz erantzuten dute soldaduek.

Harriak eta botilak ez dira soldaduengana inguratu ere egiten.

Soldaduen ezkerretara, bospasei metrora baino ez, 50 urtetik gorako lau palestinar aulki banatan daude egun pasa, atzean duten etxearen gerizak bizkarrak zaintzen dizkiela, eguneroko ikuskizunari zeharka begira.

Ikusle gehiago bada: kazetariok baino atzerago, baina gugandik gero eta gertuago, hogei bat haur eta gazte palestinar ari dira zokomiran.

Polizia palestinarrik ez dabil inguruotan.

Liskarretatik urruti dabiltza, trafikoa zuzentzen.

Kalearen erdikada palestinarrean zabalik daude dendak, baina hutsik.

Erdikada israeldarrean, militarren aginduz, hertsita daude ate guztiak.